Oharrak:19 urte 1936an / Pasai Donibanen jaioa
Familia-harremanak:1948an Juanita Herrerarekin ezkondu eta 3 seme-alaba izan zituzten: Joaquín, Inmaculada eta María Asun
Pasai Donibanen jaioa 1917ko urtarrilaren 20an. 19 urte zituen gerra hasi zenean. Gerra hasi eta hilabeteren buruan-edo, Jaizkibeletik barrena moroak zetozenaren mezua zabaldu zen. Beldurrez, herritarrak PYSBEko itsasontzietan sartu ziren, dena atzean uztita, Bilbora joateko. Baina gezurra zen. Herriko gazteen artean zaintzak antolatu zituzten, erreketeak agertu ziren arte. Orduan, bapore txiki batean Getariara egin zuten ihes. Getariatik Bermeora, eta azkenik Bilbora autobusez, familia han zutelako.
Bi urte zaharragoa zen anaia, gerra hasterakoan Loiolan apuntatu eta frontean zebilen. Ama alargundu berri zegoen eta Fabián beste bi anaia eta arreba gazteagoekin etxean geratu zen. Bilbon zeudela, kinta deitu eta San Andrés Batailoian sartu zen, Zulatzaileetan, eta lubakiak egiten ibili zen.
Anaia gazteagoa, nahiz eta adina ez izan, eraman zuten. Kalean ikusten zutena eramaten zuten errepublikaren armadara. San Andrés utzi eta Amaiur Batailoira pasa zen lagun batekin batera. Frontean egon zen Jaizkibel Konpainiarekin, preso erori arte. Anaia, Arturo Kanpion Konpainian zegoen. Bilbo erortzear zegoela hara bidali zituzten, baina Burdin Gerrikoak huts egiterakoan, Santoñara joateko agindua jaso zuten, ontzi ingelesak haien bila joango zirenaren ustetan, Frantziara eramateko, eta handik Kataluniara igarotzeko. Ez zen ontzirik agertu. Azkenean italiarrak sartu ziren eta han harrapatu zituzten.
Laredo ondoko futbol zelai batera eraman zituzten, eta han hilabete baino gehiago egon ziren. Laredotik Zaragozara lekualdatu zuten Fabián, San Juan de Mozarrifar Kontzentrazio-esparrura. Eremu guztia horma baten bidez itxita zegoen, zentinelak eta guzti. Han fusilatutakoen gorpuak ikusten ziren gaizki lurperatuak. Europatik ihesi etorritako poloniarrak ere bazeuden han preso. Bagoia bete eta jendea Zaragozara eramaten zuten lanera. Hornikuntza trenak kargatzen eta deskargatzen ibili zen han. Ondoren, Biscarrués (Huesca) herrira eraman zuten bideak egitera. Eta handik Sariñenara (Huesca), eta bertan bukatutakoan, Almacellas (Almancillas?) herrira (Lleida), frontetik ekartzen zuten alanbre-hesia biltzera.
Ibilbide guzti horren ondoren, Bilboko Eskolapioetara eraman zituzten eta han lanik egin gabe egon ziren preso. Urte eta erdira edo, aitorpena hartu eta etxera bidali zuten. Behin etxean, astero Herrerako guardia zibilean aurkeztu beharra zuen. Etxean hilabete eskas zeramala, soldaduskara bidali zuten. Ordurako gerra bukatua zegoen eta Andaluziara bidali zuten trabajadore gisa. Handik Iruñara ekarri eta “Regimiento América”n soldaduska egitera behartu zuten. Bi edo hiru hilabete ondoren, San Cristóbal gotorlekura eraman zuten presoak zaintzera hilabetez. 1943an itzuli zen etxera.
Ezkondu ondoren Lezon bizi zen. Eguerdi batean, lanetik bueltan, guardia zibilak topatu zituen bere etxea miatzen. Beste behin, Pasai Donibanen meza bat atera zuten hildako gudarien omenez, eta horren ondorioz, hurrengo egunean, gaueko ordu txikitan, polizia joan zitzaion etxera eta udaletxeko kalabozora eraman zuten. Gobernu Zibilera eraman zituzten meza eskatutako guztiak, eta, azkenik, Felipe Cámara, Pasaiako alkateak, aske uztea lortu zuen.
(Zigortuak Ilunpetik Argitara liburuan argitaratutako testigantzatik ateratako laburpena)
| Delitua | Data | Tokia | Prozesamendua | Igorlea | Kondena | Epaiaren data | Kondena kommutatua | Kommutazio data | Oharrak |
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| ez dago erabilgarri | Informazioa | Gerra Auditoretza | Erantzukizunik gabe | 1940-03-03 | |||||
| Delitua | Data | Tokia | Prozesamendua | Igorlea | Kondena | Epaiaren data | Kondena kommutatua | Kommutazio data | Oharrak |
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| ez dago erabilgarri | Aurre Dilijentziak | Mugako eta delitu berezien Auzitegi Militar Berezia | Askatasuna | 1940-10-17 | |||||
Webgune honen edukiak zuzendu edo gehitu nahi badituzu gurekin harremanetan jar zaitezke. Proiektu hau zure laguntza gabe ezinezkoa izango litzateke.
Harremana